Iturrama auzoaren ibilgarritasun-azterketa
Iturrama Oinez, Iruñeko Iturrama auzoko hiri-ibilgarritasuna miatu eta aztertzeko proiektu bat da, Suma estudioarekin lankidetzan egin genuena.
Hiru helburu nagusi oinarritzat hartuz lan egin genuen. Lehenik, hiri-eremuek Iturramako bizilagunei eskaintzen dieten oinezko lokomoziorako erraztasun-maila aztertzea, ildo horretan eragina duten elementuetako batzuk kontuan izanik: zuhaitzak, espaloien tamaina eta malda, segurtasuna, konektagarritasuna eta bihurgunetsutasuna, lurzoruaren erabileraren aldaketak eta abar. Bestalde, tailerrean parte hartu zuten bizilagunen hobekuntza-proposamenak biltzea. Eta azkenik, ibilgarritasunaren kalitatearen lehen azterketa bat egitea auzoan, auzoko bi ikastetxetarako bideak diseinatzeko.
Parte hartzeko tailerra, sormen aplikatuko dinamiketan oinarritua, Iturrama auzoko bizilagun guztiei zuzenduta zegoen, batez ere auzoaren bizitza sozialean eta hobekuntzan inplikatuta zeudenei: auzotarren elkarteak, kultura-, kirol- eta merkatari-elkarteak, udaleko hainbat sailetako teknikariak eta abar.
Prozesua abiarazi genuen Suma estudioarekin batera lehen tailer tekniko bat eginez ibilgarritasunean eragina duten faktoreei buruz, hala nola: banaketa modala, hiri-bilbea eta hiri-eszena, segurtasuna eta ingurumen-faktoreak.
Ondoren auzoaren miaketa-tailer bat egin zen, eta bertan bizilagunekin batera hiriko zati horren ibilgarritasun-maila aztertu genuen. Horretarako baliabide kartografiko kritikoak erabili genituen: pegatinak ikonoekin, sinboloekin, irudiekin eta abar, auzoan barrena egindako ibilbideko ekarpen garrantzitsuenak laburbiltzen dituen mapa kolektibo bat eraikitzeko. Azken batean, bizilagunen esperientzietan oinarritutako hiri-mapaketa bat, oinezkoen errealitatearen erradiografia bat eta auzoko alderdi positibo eta negatiboen bisualizazioa, ingurune horretan ibilgarritasuna hobetuko duten etorkizuneko esku-hartzeetarako.