About This Project
Instanteko hiriak
ISTANTEKO HIRIEN kontzeptuaren bidez hiriek aisialdiari eta kulturari lotutako ekitaldiak egiteko hirira bertara erakarrita datozen pertsonen kopuru handi bat denboraldi labur batean hartu ahal izateko garatzen diren teknologiak hartu nahi ditugu aztergai. Ekipamenduen erabilerak aldatzea, espazio publikoa masiboki okupatzea, bisitariak hartzeko arkitektura efimeroak eraikitzea eta baita unean une hirigintza-kudeaketa arautzen duten araudiak egokitzea ere ahalbidetzen duten teknologiak, hain zuzen ere. Jada kontsolidatutako hirien barruan mikro-hiriak eraikitzeko dispositiboak, hiri horiek klase ertainaren kontsumoa eta aisialdia errazteko diseinatuta daudelarik.
Hiri-garapeneko eredu jakin bati erantzuten dio fenomeno horrek. Desindustrializazioaren ondorioz, berrasmatzeko moduak bilatuko dituzte hiriek eta biziberritzeko proiektu izarrak erabiltzen dituzte berritzeko eta teknologia hedatzeko duten ahalmenaren estandarte gisa. Horrela, albait gehien erakutsi nahi dute beren burua hiriek, eta lehiatu egiten dira beren artean inbertsioak erakartzeagatik eta nazioarteko ranking antzeko batean gora egin nahi izateagatik. Estrategia horren barruan, turismoak oso zeregin garrantzitsua du bultzatzaile ekonomiko gisa. Ondare kultural eta historikoa turismo-helburuekin ustiatzeari azken urteotan izaten ari diren hiri-marketineko ekitaldi eta kanpaina handiak gehitu behar zaizkio, hiri horiek munduko ekonomiaren erakusleihoan erakusgai jartzeko asmoz.
Bere argiak proiektatzearekin batera zenbait itzal eta bestelako hutsuneak ere eragiten dituen eredu bat dugu. Zerbitzuen ekonomiari eta aisiaren kulturari lotutako sektore eta sustatzaileek txalo jotzen duten bitartean, bisitarien iritsiera masiboak eta aisiaren kontsumoari lotutako bisitari horiek dituzten azturek harrera-hiriko biztanleen eguneroko bizitza aldatzen eta eraginpean hartzen dute: espazio publikoaren okupazioa merkataritza-helburuekin, hondakinen produkzio itzela, hurbileko merkataritza txikiaren ordez bistari espresen gustu eta premietara egokitutako merkataritza berri bat ezartzea, etxebizitzaren bizitegi-erabilera aldatzea aldian behingo egoiliarrak hartzeko, auzotar gogaituak… Egoera horren aurrean, herritarren hainbat ekimenek, gizarte-kolektibok, arkitektok, urbanistak, ikertzailek eta kultura-agentek beren haserrea eta kezka adierazi dute, eta hirian bizitzeko forma alternatiboak erreklamatzen dituzte.
Fenomeno hori maila globalean bizkor hedatzen den bitartean, aztertzeko eta erantzuteko ahalmena ez da bizkortasun berarekin iristen. Hiri-fenomeno berri horien garapen jasangarri bat ahalbidetuko duten arauen erregulazio bat behar dute administrazioek. Esparru akademikotik ikusita, gutxi dira errealitate hori buruzko azterlanak. Eta arkitekturaren eta hirigintzaren munduan hiri-testuinguru berri horrek eskatzen dituen premien inguruan lan egiten eta esperimentatzen duten profesionalik ia ez dago.
Urdanbat festibalaren 7. edizio honek kultura-ekitaldi horien eta hiri-plangintzako estrategien arteko harremana, eta estrategia horiek paisaian, ekonomian eta tokiko kulturan duten inpaktua aztertzen ditu, eta hiri-kudeaketa profesionalak, arkitektoak, urbanistak, erakundeak, ikertzaileak, gizarte-eragileak eta ekitaldien sustatzaileak gonbidatzen ditu partekatutako estrategiak diseinatzera, ingurunerako oreka eta toki-komunitatearentzako onura bermatuko duten estrategiak, alegia.
Galderak egiten ditugu horrelako harreman masiboek hiri-sarean uzten duten aztarnari buruz,
azkenaldiko testuinguru horien inguruan garatzen ari diren teknologien eta kudeaketa-eredu berriei buruz, biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko berrikuntza horien transferitzeko moduari buruz, eta lurraldean inpaktu positibo eta ekitatibo bat eragingo duten hiri-garapeneko estrategiak diseinatu beharreko moduari buruz