URBANBATfest 2017

About This Project

Lekualdatzeak

 

Hiria etengabe aldatzen ari da, eta horrek, ezinbestean, mugimendua dakar berekin: joan-etorriak, aldaketak, agerpenak eta desagertzeak. Alabaina, azken urte hauetan, ekonomia- eta turismo- ahalmen handia duten hirietan bereziki, hiria eraldatzeko eredu oso zehatz bat ikusten ari gara, hirigune estrategikoak “beren onera ekartzeko” edo “birgaitzeko” programen bitartez bideratua. Horren ondorioz, hiriguneko eremu hondatuetako edo gainbehera etorritako eremuetako herritarrak pixkanaka mugiarazten ari dira. Prozesu horiek konplexuak eta modu askotarikoak badira ere, denetan gertatu ohi da errenta txikiak dituzten herritar apalek ezinbestean lekualdatu behar izaten dutela erosahalmen handiagoa eta kultura premia berriak dauzkaten beste hainbat herritarri lekua egiteko, azken horiek kalitate-prezio erlazio egokia aurkitzen dutelako eremu horietan, eta, hori gutxi balitz, hiriko toki pribilegiatu batean. Zenbait hiritan, prozesu hori erdi- eta goi-mailako klaseetara zabaltzen ari da. Izan ere, etxebizitzen alokairuak eta prezioek gora egin dute nabarmen erosteko ahalmen handiko inbertitzaileak iritsi direnean, luxuzko eremu bihurtzen baitituzte hiriko kale nagusiak.

Aldaketa horiek askotarikoak dira: etxebizitzen bizitegi-erabilera irabazi handiagoak ematen dituzten erabilera batzuekin (hala nola turismo-erabilerarekin) ordeztea, espekulazioa, utzarazpenen ondoriozko kanporatzeak, etxebizitza-eskaintza berriaren elitizazioa, espazio publikoaz jabetzea merkataritzarako, merkataritza tradizionala eta hurbiltasun-merkataritza frankizia eta boutiqueekin ordeztea, gaueko aisiaren kontzentrazioa, hornidura-azoken gourmetizazioa, kulturaren instrumentalizazioa aisiari eta kontsumoari lotutako sektore gisa eta abar.

Aldaketa horiek guztiek injustizia sozialari eta hiriaz gozatzeko eskubide legitimoari lotutako arazoak dakartzate berekin, arrazoi ekonomiko edo kulturalengatik edo beste edozein arrazoirengatik (osasuna, generoa, eta abar) egoera ahulago batean dauden herritarren artean batez ere. Hala eta guztiz ere, autoantolaketa, prozesu kolektiboak, asoziazionismoa, auzo-mugimendua eta lur publikoa eta etxebizitza kudatzeko politika publiko batzuk egoera horri aurre egiteko jardunbideak sortzeko gauza izan dira, produkziorako, elkarbizitzarako eta hiriaz jabetzeko alternatiben bitartez. Toki jakin batzuetan, elkartasun-sare horiek oztopatzen ari dira lekualdatze- politika horiek azkar, erraz eta arazorik gabe ezartzeko joera, eta hiriaren eraikuntza hegemonikoa zalantzan jartzen duten alternatibak badaudela pentsatzeko bide ematen dute; jakinik, halaber, mugimendu horiek guztiak ez direla nahikoak izango auzoaren eskala gainditzen ez badute, udalerrian, eskualdean, Estatuan eta nazioartean indar handiagoa hartzen ez badute eta haiekin batera higiezinen inguruko espekulazioa arintzeko, etxebizitza babesteko, gizarte-desparekotasunak murrizteko eta errenten hesiari aurre egiteko politika publikoak garatzen ez badira.

Jaialdi honetan, gogoeta egingo dugu kulturak eta arteak prozesu horietan guztietan betetzen duten zereginari buruz. Hirigunea elitizatzeko eta esanahi berria emateko betetzen duten rolari buruz, auzoak garestitzen dituzten sorkuntza-zerbitzu eta sorkuntza-industrietan oinarritutako “ekonomia berria” ezartzeko duten trakzio-ahalmenari buruz. Baina, halaber, herritarrak gentrifikazioaren aurka ahalduntzeko duten ahalmenari buruz eta komunikatzeko, subjektibotasunak sortzeko, gizarte-mugimenduetara eta gizarte-arazoetara hurbiltzeko, aktibazio politikorako, guneak eraberritzeko eta lekuaren memoria eta identitateari balioa emateko duten ahalmenari buruz.

Tokia

Bilbo

Data

2018

Bezeroa

Autoekoizpena

Kategoriak

Arkitektura, Hira, Kultura, Pedagogia

Category
ArPe, CIPe, CUPe, Pe