Ordiziako kultura-ekipamenduak berrantolatzeko elkar-sortze prozesua

About This Project

 

Ordiziako udalak udalerriko ekosistema kulturala berregituratzeko prozesuarekin hasi zen 2020 urtean. Eraldaketan honen ildoak “Ordiziako Udaleko Kultura Sailaren plan estrategikoa 2020-2030”-aren barne argitaratu ziren. Bertan, lehenetariko pausu bezala, herriguneko ekipamenduak birplanteatzeko helburua finkatu zuen.

Horregatik, 2021.eko ekainean, Ordiziako Udalak gure laguntzarekin, kultura-ekipamenduen berrantolaketa bideratzeko prozesu parte-hartzailea sustatu zuen.

Zehazki, Ordiziako Barrena Jauregia, Herri Antzokia eta Dorrea ekipamenduak aztertzea eta elkar-diseinatzea erabaki da. Hiru eraikin hauek herriko alde zaharrean kokatzen dira eta herriko kultura-ardatza sortzen dutela esan dezakegu. Horregatik hiru eraikin horien arteko erlazio programatikoak zehaztea premiazkoa da, izan ere, ekipamendu hauen nortasunak, diseinuak eta kudeaketak zerbitzu kulturalen kalitatea baldintzatuko du.

Eskema programatiko berri honek udalerriko kultur sarean eragin handia izango duelakoan diseinu kolaboratzailea aldarrikatu dugu partaidetza tresna bezala. Bai eragile kulturalek bai teknikariek hartu dute parte ospatu diren 4 saioetan. Emaitzak beraz elkarlanean erabakitako ondorioetan oinarritzen dira.

Prozesuaren helburua Barrena Jauregiaren, Herri Antzokiaren eta Dorrearen izaera, programak eta kudeaketa finkatzea izan da. Hiru aspektu hauek definitu ahal izateko hurrengo pausuak jarraitu ditugu:

1. Diagnostiko bat egin dugu. Diagnostiko horretan, ekipamenduen gaur egungo egoera aztertu da, bai espazioaren ezaugarrien aldetik, bai gaur egun betetzen duten funtzionaltasunaren aldetik. Erabiltzaileen beharrak eta nahiak aztertzeko aukera izan da, gaurko egoera kontuan izanda eta etorkizuneko hobekuntzak planteatuz. Informazio hau batzeko prozesuaren lehenengo saioa erabili genuen eta inkesta digital bat prestatu genuen.

2. Diagnostikoan azaleratutako beharrizan eta eskaerak kontuan hartuta elkar-sortze prozesua garatu dugu. Prozesu honen helburua, ekipamenduen antolakuntza aukerak/proposamenak definitzea izan da. Bigarren eta hirugarren saioetan eraikinen maketekin lan egin genuen solairu bakoitzean sartu daitezkeen programak eta erabilerak espazialki landu ahal izateko.

3. Emaitzak eta ondorioak definitzeko laugarren saioan proposamen bakoitzak dakartzan aldeko eta kontrako aspektuak elkarlanean aztertu genituen. Bertan, eraikin bakoitzean ostatu hartu behar den programazio-ildo nagusiak eta jarduerak adostu genituen. Gidalerro hauek eraikin bakoitzaren aspektu erabakigarrienak batzen dituzte:

  • Barrena Jauregiaren, Herri Antzokiaren eta Dorrearen izaera definitu dugu.
  • Eraikin bakoitzaren banaketa espazialaren proposamen batzuk zehaztu ditugu.
  • Espazioen kudeaketaren inguruko hausnarketak batu ditugu.

 

Diagnostikoa, elkar-sortze prozesuaren proposamenak eta ondorioak eta emaitzak txosten publiko batean argitaratu ditugu. Txosten hau Ordiziako kultura-sarearen erreforma honen hurrengo urratsetarako gida izatea espero dugu. Jakin badakigu, eraikin bakoitzaren proiektu teknikoen garapenean ezarritako jarraibideetan aldaketa batzuk egingo direla, irizpide teknikoak eta araudiak direla eta. Hala ere, hiru ekipamenduen berregituraketa prozesu honek udalerriko kultura-ardatzaren funtzionamenduaren eskema argi eta adostu bat sortzea ahalbidetu duela uste dugu.

 

Lekua

Ordizia

Data

2021

Bezeroa

Ordiziako Udala

Kategoriak

Arkitektura, Parte-hartzea

Deskarga

Category
ArPa, CIPa, Pa