About This Project
Ikusezinak
Gutxitan erreparatu eta ematen diogu balioa hiriaren benetako aberastasunari. Bisitari gisa gabiltzanean, zeri begiratu esaten digute eta horri begiratzen diogu: gidaliburutik gomendatutako errealitatera, norbaitek gure ordez erabakitako bideei jarraituz. Geure hirian bertan are itsuago gara. Badugu ikusteko gaitasuna, baina ez dugu ikusten. Batzuetan, nahiago izaten dugu erosotasun-espazioetatik kanpo dauden tokietatikbegirada aldendu. Nekez ausartzen gara beste norabide batzuetara begiratzen; toki txikietara, ertzetara, kanpoaldeko tokietara, auzoetara, egoera zailenean daudenak egoten diren tokietara… Eta Peter Greenaway zinema-zuzendariak dioen bezala “begiak izateak ez du esan nahi ikus dezakezunik”.
BAT 2014 honetan hirien ikusezintasunari begiratuko diogu. Ez diegu begiratuko Italo Calvinok aipatzen zituen ametsezko edo ezinezko hiriei, baizik existitu arren nabarmentzen ez den, aitortzen ez den edo hiri-ekosistema aberats eta konplexuaren funtsezko zatitzat aldarrikatua izan ez den errealitate bati begiratuko diogu. Leku bazterreko eta ezezagunak, kontsumitzailearentzako agerikoena eta desiragarriena den hori argiztatzen duten fokuen argitik kanpo.
Hiri ezkutu eta askotarikoari begiratuko diogu, kale-ertzetan idatzitako istorioen eta oroitzapenen bilduma gisa, espazioan eta denbora egindako askotariko kontakizunekin eraikitako geografia berri baten moduan. Hiri-paisaia aldatzen lan egiten duten artistei, hiria eraikitzen duten hutsuneak eta hormak seinalatuko dituen aztarna ikusgarri bat uzten saiatzen diren horiei. Auzoentzako ikusgarritasuna eskatzeko eta gizarte eta hirigintzako arazoak konpontzeko antolatzen diren komunitateei. Guk bazterrera uzten dugunarekin proiektuak eta eraikuntza-lanak egiten dituzten arkitektoei eta hirigileei. Begiratu nahi diegu, halaber, duten autonomia gauzatzeko eta kultura dominatzailearekiko ezberdintasuna adierazteko espazioetan beste modu batean bizitzeko bideak garatzeko, ikusezin izaten jarraitzea aukeratzen dutenei. Itxuraz hautemanezinak diren muga berriak ikusgarri bihurtzen eta desegiten saiatzen diren askotariko ekintzaileak izangovditugu jomugan, isilik ibiltzen direnak, gero eta hedatuago dauden esklusio-prozesuak sortuz.
Ibilbide honi ekin aurretik, eskerrak eman nahi dizkiegu buruari bira eman eta beste alde batzuetara begiratzera animatu gaituzten pertsona guztiei. BATen aurreko edizioko Tweets and Walks tailerreko hiri ikusezinaren lantaldeari. Eta bereziki Marta Villotari, bere ikuspegi poetikoaz gure hiriko lubaki eta zoko ezkutuak argiztatu eta hiriaren distirarik handieneko tokien azpian dagoen lurpeko geruza hori bilatzen jarraitzeko nahia piztu zigulako. Kalean oinez egindako ibilaldietan lagun izandako artistei ere bai. Haiei esker, gure hautemate-gaitasunak indartu eta aldatu egin ditugula uste dugu. Haiek lagundu digute hiriaren toki ikusezinetako batzuk aurkitzen eta ikusgarri egiten. Agian izango da, Francesco Carerik “El andar como práctica estética” (Ibiltzea praktika estetiko gisa) liburuan gogorarazten duen moduan, ibiltzeak garai guztietan arkitektura eta paisaia sortu dituela ahaztu ez duten pertsona bakan horietakoak direlako; izan ere, begiratzen dugunean sentiberatasunez arituta ikusi ahal izango dugula ikusezina den hori eta agian, toki horretatik izango gara zerbait hobea, berria, desberdina eraikitzeko gai.
Gure arreta aspalditik piztu duten abiapuntu partzial eta osatugabe horietatik harago, orain, hala erabakita eta nahita egin diogu uko marko argi, itxi eta aurrez zehaztu bat
izateari. Nahiago dugu begirada mugatzen duen elementu oro kentzearen alde egin, egiten dugun bide lausoa eta hunkigarria izan dadin, noraezeko miaketa bat izan dadin, mapa gauzak aurkitu ahala marraztuz.