2017ko azaroaren 8tik 12ra bitarte URBANBAT hirigintza eta gizarte-berrikuntzari buruzko 6. Festibala egin genuen..
Aurreko urteetan bezala, ekitaldia eztabaidak eta harremanak ahalbidetzeko gunea izan zen, jakintza eta esperientziak elkartrukatzeko gunea, hiriak lankidetzaren bidez eraldatzen laguntzeko tokiak arakatzen jarraitzeko.
Festibalaren edizio honetan, hirietako erdiguneetan bizi diren herritarren egozpena geldiarazteko estrategiak bilatzen jardun genuen. Prozesu horiek konplexuak eta modu askotarikoak badira ere, denetan gertatu ohi da errenta txikiak dituzten herritar apalek ezinbestean lekualdatu behar izaten dutela erosahalmen handiagoa eta kultura premia berriak dauzkaten beste hainbat herritarri lekua egiteko, azken horiek kalitate-prezio erlazio egokia aurkitzen dutelako eremu horietan, eta, hori gutxi balitz, hiriko toki pribilegiatu batean. Zenbait hiritan, fenomeno hori erdi- eta goi-mailako klaseetara zabaltzen ari da. Izan ere, etxebizitzen alokairuak eta prezioek gora egin dute nabarmen erosteko ahalmen handiko inbertitzaileak iritsi direnean, luxuzko eremu bihurtzen baitituzte hiriko kale nagusiak. Aldaketa horiek askotarikoak dira: etxebizitzen bizitegi-erabilera irabazi handiagoak ematen dituzten erabilera batzuekin (hala nola turismo-erabilerarekin) ordeztea, espekulazioa, etxebizitza-eskaintza berriaren elitizazioa, espazio publikoaz jabetzea merkataritzarako, merkataritza tradizionala eta hurbiltasun-merkataritza frankizia eta boutiqueekin ordeztea, gaueko aisiaren kontzentrazioa, hornidura-azoken gourmetizazioa eta abar.
Jaialdi honetan, gogoeta egin genuen kulturak eta arteak prozesu horietan guztietan betetzen duten zereginari buruz. Hirigunea elitizatzeko eta esanahi berria emateko betetzen duten rola, auzoak garestitzen dituzten sorkuntza-zerbitzu eta sorkuntza-industrietan oinarritutako “ekonomia berria” ezartzeko duten trakzio-ahalmena. Baina, halaber, herritarrak gentrifikazioaren aurka ahalduntzeko duten ahalmenari buruz eta komunikatzeko, subjektibotasunak sortzeko, gizarte-mugimenduetara eta gizarte-arazoetara hurbiltzeko, aktibazio politikorako, guneak eraberritzeko eta lekuaren memoria eta identitateari balioa emateko duten ahalmenari buruz.
Sarrera honetan, festibalaren laburpen bideoa eta programaren zati desberdinen ondorioak eta itzulkinak uzten dizkizuegu: