Hirigintza kooperatibo baterantz

Hirigintza kooperatibo baterantz

Orain hilabete batzuk berriz ere eraldatu gara, gizarte-ekimeneko kooperatiba txiki bat bihurtzeko. Eta aldaketa hori etorri da urte hauetan egindako bidean etenaldi bat egin ondoren. Hasi ginenean nondik abiatu ginen, gaur egun non gauden, gure antolaketa-eredu juridikoa zertan den, gure balio-eskala eta gure filosofia politikoa zein diren eta etorkizunean norantz joan nahi genukeen pentsatzeko aukera izan dugu etenaldi horretan.

2011n sortu ginen, hiri-jasangarritasunaren gaineko komunikazioko, sentsibilizazioko eta parte hartzeko proiektuak garatuko zituen kultura-elkarte bat izateko asmoarekin, hiri-jasangarritasunaren alderdi guztiak —ingurumenekoak, ekonomikoak, kulturalak eta sozialak— aintzat hartuta.

Denborak aurrera egin ahala, gure harremanen esparrua, gure kezka pertsonalak, norbere interesean egindako proiektuak eta hirugarrenen enkarguak gorabehera, poliki-poliki gure praktikak eraldatu ditugu, batez ere lurraldea zaindu eta hobetzearekin zerikusia duten proiektuak sortzeko eta zerbitzuak eskaintzeko. 

 

Gizarteari balioa eskaintzea

Gizarte-ekimeneko kooperatiba gisa eratzeak lankidetzazko proiektu komun baten inguruan lan egitea esan nahi du, hiru helburu hauek oinarritzat hartuta:

1.-Gizartearentzat nolabaiteko hobekuntza ekar dezaketen zerbitzuak eskaintzea. Gure kasuan, hiri-ingurunearen eraikuntza partizipatiboaren alde lan egitea. Herritarrekin elkarlanean diseinatutako hirigintza bat ahalbidetzea, giza eskalara egokitutako hiri jasangarriagoak eraikitzeko.

2.-Guretzat eta ondoren etorriko direnentzat lanpostu elkartuak sortzea, enpresa-gobernantza horizontal eta erantzunkideko eredu batean oinarrituta. Gure erakundearen jabeak eta aldi berean langileak garelako.

3.-Irabazi-asmorik ez izatea. Kooperatibaren azken helburua ez da bazkideentzako irabaziak sortzea, merkatuak artatu gabeko gizarte-premiak betetzea baizik. Gure lanaren erabilgarritasun publikoa eta komunitatearentzako itzulera lehenesten ditugu onura pertsonalaren aurretik. Gure lanari —eta, jakina, inguratzen gaituztenek egiten duten lanari— duintasuna ematea garrantzitsua da, nolanahi ere.

 

Eta zer egiten dugu horren inguruan?

Hiri-berrikuntzako proiektuen garapenean zentratuta gaude, tokiko komunitate eta administrazioekin elkarlanean, gizarte-berrikuntza eta herritarren sormena sustatuz parte-hartzearen kultura sustatzeko, eta, horrela, ingurunea zaindu eta hobetzeko bidean laguntzeko.

Une honetan, gure eguneroko jardunbidea hiru interes- eta jardun-eremuren inguruan mugitzen da:

1.-Lankidetzazko hiri-diseinua

Hiria berroneratzearekin eta lurraldea hobetzearekin zerikusia duten prozesu partizipatiboen dinamizazio, diseinu eta aholkularitzako zerbitzuak eskaintzen ditugu. Hiriaren errealitatea biztanleekin batera aztertzen dugu, eta hortik abiatzen gara, haien premietara egokitutako ekintza eta soluzio bideragarriak planifikatzeko.

Elkarrekin lan egiteko eta sortzeko inguruneak sortzen ditugu, parte hartzeko ohiko prozesuen mugak gaindituz, hiriaren eraldaketan inplikatutako aktore guztien —herritarrak, administrazio publikoak, gizarte-, kultura- eta ekonomia-eragileak, unibertsitateak, etab.— arteko topaguneak aktibatuz, eta ezagutza eta diziplinak, herri-jakintzak eta jakintza zientifiko-teknikoak elkartrukatzeko aukera erraztuz, aniztasun hori guztia hiri-diseinuan txertatzearren.

2.-Hiri-pedagogia

Gure ustez —eta arkitektoen elkargo eta elkarteak bat datoz gurekin—, arkitektura eta hirigintza gizartetik urrun daude gaur egun, eta askotan herritarrak aintzat hartu gabe ekiten diogu eraikinak eta lurraldea planifikatzeko lanari. Hala, oso gutxi dira bizi diren hiriaren arkitektura- eta hirigintza-ezaugarriak ulertzen dituzten herritarrak, eta horrenbestez gehienak ez dira hirirako eskubidea guztiz baliatzeko gauza. Ildo horretan, hiriaren funtzionamendua arrotza egiten zaigu, eta publikoa den ia guztia inporta ez balitzaigu bezala jokatzen dugu.

Zaila da ulertzen ez den hiri batean bizitzea eta gozatzea. Alabaina, herritarrek okupatzen duten hiri-ingurunearekin bat egin eta beren afektibitate-eskemetan biltzen dutenean, konpromiso handiagoarekin erabiltzen dute ingurune hori, ekipamendu eta espazio publikoekin bat eginik eta ingurunea hobeto errespetatzeko jarduerak bultzatuz. Helburu hori gogoan, hiriaren gaineko ezagutza, ezaugarriak, dinamikak eta egitura herritar guztiengana hurbiltzeko programak sortzen ditugu.

3.-Kultura-arloko produkzioa eta ikerketa

Hiri-eraldaketen gaineko ikerketa, produkzio, komunikazio eta zabalkundeko proiektuak garatzen ditugu. Eta proiektu horiek hainbat formaturen bitartez garatzen ditugu: eztabaidak, erakusketak, tailerrak, ibilbideak, arte-produkzioak, argitalpenak, etab. Ildo horretatik, URBANBAT FESTIBALA antolatzen dugu urtean behin, eta azken edizioan hiri-ekitaldien inpaktuaren gaiari heldu genion.

 

Lankidetza oinarri gisa

Kooperatiba moduan antolatzeak eskatzen du gure lan egiteko moduan sakontzen jarraitzea, logika lehiakorra gaindituz eta beste batzuekin elkarlanean aritzeko aukera irekiz, hartara gure gaitasun profesional eta pertsonalak batzeko gure ingurune hurbilena eraldatzearren.

Sareko lanean oinarritutako diziplina anitzeko ikuspegi bati esker, tokiko eta nazioarteko beste kolektibo batzuei laguntzen diegu etengabe, gaur egungo hiri-erronketarako soluzioen bilaketan.

Wikitoki-ko bazkide sortzaileak gara. I+Gko laborategi soziala / kulturala / ekonomikoa / politikoa da, lankidetza oinarri komuntzat hartzen duena. Praktika, gogoeta eta ekintzarako, etengabeko prestakuntzarako, ikertu eta ideia eta prototipoak sortzeko, eta elkarlanean sortu eta praktikatzeko komunitate bat.

Arkitektura Kolektiboen partaide gara gainera. Nazioarteko sare bat da, gure inguruneak zaindu eta eraldatzeko lankidetzazko prozesuetan interesatuta dauden pertsona eta kolektiboak biltzen dituena.

2019an indarrak batu ditugu cAnicca arkitektura, diseinu eta hirigintzako estudioko gure lagunekin, talde bakarrean lan egiteko modu berriak esperimentatzeko. Urtebetez elkarlanean arituko gara etengabe, hiria eta lurraldea eraikitzeko alderdi guztiei aurre egiteko gaitasunak aberastuz eta harremanetan jartzeko beste modu batzuk ere probatuz.

Ez dago Iruzkinik

Sorry, the comment form is closed at this time.