PROIEKTUETARAKO DEIALDIA: Lekualdatzeak

PROIEKTUETARAKO DEIALDIA: Lekualdatzeak

Gaia eta testuingurua: LEKUALDATZEAK

Hiria etengabe aldatzen ari da, eta horrek, ezinbestean, mugimendua dakar berekin: joan-etorriak, aldaketak, agerpenak eta desagertzeak. Alabaina, azken urte hauetan, ekonomia- eta turismo-ahalmen handia duten hirietan bereziki, hiria eraldatzeko eredu oso zehatz bat ikusten ari gara, hirigune estrategikoak “beren onera ekartzeko” edo “birgaitzeko” programen bitartez bideratua. Horren ondorioz, hiriguneko eremu hondatuetako edo gainbehera etorritako eremuetako herritarrak pixkanaka mugiarazten ari dira. Prozesu horiek konplexuak eta modu askotarikoak badira ere, denetan gertatu ohi da errenta txikiak dituzten herritar apalek ezinbestean lekualdatu behar izaten dutela erosahalmen handiagoa eta kultura premia berriak dauzkaten beste hainbat herritarri lekua egiteko, azken horiek kalitate-prezio erlazio egokia aurkitzen dutelako eremu horietan, eta, hori gutxi balitz, hiriko toki pribilegiatu batean.

Aldaketa horiek askotarikoak dira, eta haietako batzuk laburtuko ditugu jarraian:

Etxebizitza-ereduaren aldaketa
Etxebizitzaren bizitegi-erabileraren ordez, etekin gehiago uzten duten beste erabilera batzuk nagusitzen dira, hala nola turismoa, espekulazioa, eta abar; etxebizitzen alokairua eta salmenta garestitzea; etxegabetzeak; birkokatzeak; etxebizitza-eskaintza berriaren elitizazioa…

Turistifikazioa
Hiria produkzio- eta erreprodukzio-toki izatetik salgai izatera igaro da. Hiriak turismo-ustiapenerako erabiltzen ditu bere historia- eta arkitektura-ondarea, turismoaren industriari lehentasuna emanez beste ekintzailetza modu batzuen aurrean.

Merkataritza espazio publikoaz jabetzea
Espazio publikoaren gehiegizko ustiapena terrazen, kultura-ekitaldi handien eta markako ekitaldien bitartez, kale komertzialak oinezkoentzat jarriz, altzari eragozleak diseinatuz, kalean jarduera eta lan informalak eragozteko politikak abian jarriz; ekipamendu publiko eta sozialik eza; eta abar.

Hiri-merkataritzaren ezaugarrien aldaketa
Merkataritza tradizionala eta hurbilekoa desagertzea; merkataritzagune handiak irekitzea; merkataritza-kate eta frankizia-kate handiak zabaltzea; ostalaritza-eskaintzaren elitizazioa; gaueko aisialdiaren kontzentrazioa; hornidura-merkatuen gourmetizazioa; eta abar.

Toki baten nortasuna galtzea
Herritar tradizionalen ordez erosahalmen handiagoa duten beste sektore batzuk agertzea; herri-klaseen estigmatizazioa; herritarrak deserrotzea; auzotasun-harremanak desegitea; klase ertainen gustuen homogeneizazioa; oroimenaren eta toki-nortasunaren galera…

Kulturaren instrumentalizazioa
Aisian eta kontsumoan oinarritutako kultura-eredua garatzea; hiriaren festibalizazioa; kultura-ekitaldi eta -azpiegitura handien aldeko apustua; klase sortzaileak erakartzeko pizgarriak; eta tokiaren balio sinbolikoari esanahi berri bat ematea…

Aldaketa horiek guztiek injustizia sozialari eta hiriaz gozatzeko eskubide legitimoari lotutako arazoak dakartzate berekin, arrazoi ekonomiko edo kulturalengatik edo beste edozein arrazoirengatik (osasuna, generoa, eta abar) egoera ahulago batean dauden herritarren artean batez ere. Hala eta guztiz ere, autoantolaketa, prozesu kolektiboak, asoziazionismoa eta auzo-mugimendua egoera horri aurre egiteko jardunbideak sortzeko gauza izan dira, produkziorako, elkarbizitzarako eta hiriaz jabetzeko alternatiben bitartez. Toki jakin batzuetan, elkartasun-sare horiek oztopatzen ari dira lekualdatze-politika horiek azkar, erraz eta arazorik gabe ezartzeko joera, eta hiriaren eraikuntza hegemonikoa zalantzan jartzen duten alternatibak badaudela pentsatzeko bide ematen dute.

Zer ari gara bilatzen?
Gizarte- eta kultura-oinarriko esperientzia, ekimen, proiektu, esperimentu edo ereduen bila ari gara, Europako lurraldean nagusitzen ari diren hiri-lekualdatze horiei erantzun propositibo bat proposatzeko gauza direnak. Lan sozio-komunitarioa, hirigintza partizipatiboa, arkitektura eta kultura-jardunbideak nahiz arte-jardunbideak uztartzen dituzten ekimenak, deialdian deskribatutako problematikaren konponbide berritzaileak elkarrekin irudikatzeko.

Gako-hitzak
Gentrifikazioa / Turistifikazioa / Herritarrak / Herritarren partaidetza / Herritarren sormena / Arkitektura eta Hirigintza / Gizarte-berrikuntza / Auzoa / Espazio publikoa / Bitartekotza / Lekualdatzea / Elitizazioa

Zer eskatzen dugu?
Honako formulario hau 2017ko irailaren 8a baino lehen betetzea eskatzen dizugu:
https://goo.gl/forms/lOdBdEQVCV281nwP2

Zer eskaintzen dugu?
ZURE PROIEKTUA URBANBAT FESTIBALEAN AURKEZTUKO DUGU
Hautatutako proiektu bakoitzaren aurkezpen publiko laburrak egiteko gunea. Hautatutako proiektuen aurkezpenak azaroaren 6an egingo dira, Bilbon, URBANBAT Hirigintzako eta Gizarte Berrikuntzako 6. Festibalaren programazioaren barruan.

TAILERRA
Baterako sorkuntzako tailer honetan, hautatutako ekimenak elkartuko ditugu esperientziak partekatzeko eta berdinen arteko aholkularitza-saioa egiteko, proiektu bakoitza aberastu eta hobetze aldera. Tailerrak hainbat fase izango ditu, eta azaroaren 8tik 9ra bitarte izango da, URBANBAT Hirigintzako eta Gizarte Berrikuntzako 6. Festibalaren programazioaren barruan.

*Aurkezpenak eta tailerra espainolez egingo dira, oso-osorik.

HAUTATUTAKO ESPERIENTZIAK ARGITARATZEA
Hautatutako esperientziak argitaratu eta ezagutzera emango ditugu URBANBAT festibalaren komunikazio-kanal guztietan.

BIDAIA- ETA OSTATU-GASTUAK
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo hautatutako ekimenetarako, URBANBAT ekimenaren antolatzaileek beren gain hartuko dute hautatutako proiektu bakoitzeko pertsona baten bidaia- eta ostatu-gastuak azaroaren 8ko eta 9ko gauetarako, proiektuen aurkezpenean eta berdinen arteko aholkularitza-tailerrean parte hartzeko aukera izan dezaten.

Mila esker zure esperientzia URBANBATen partekatzeagatik!

Hautatutako proposamenak zeintzuk diren URBANBAT webgunearen bitartez jakinaraziko da, 2017ko irailaren 8a baino lehen.

 

Ez dago Iruzkinik

Iruzkin bat idatzi